XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

XXX. Proposizioa

Nor edo nork zerbait egin badu, besteak Poztasunez hunkitzen dituela irudikatzen duena, Poztasunez hunkitua izanen da halakoa, bere buruaren ideia bere Poztasunaren kausa bezala lagun daramala, hots, Poztasunez kontenplatuko du bere burua.

Baina, alderantziz, halako horrek zerbait egin baldin badu besteak Tristuraz hunkitzen dituela irudikatzen duena, Tristuraz kontenplatuko du bere burua.

Demonstrazioa

Besteak Poztasunez edo Tristuraz hunkitzen dituela irudikatzen duena poztasunez edo Tristuraz hunkitua izanen da, horrenbestez (27. Prop. arab.). Baina nola gizakia (2. Zat., 19. eta 23. Prop. arab.) bere buruari ohartzen den ihardutera determinatzen duten afekzioen bitartez, orduan, norbaitek zerbait egin badu, beste guztiak Poztasunez hunkitzen dituela irudikatzen duena, Poztasunez hunkitua izanen da halakoa, horren kausa bera dela ohartzearekin, hots, Poztasunez kontenplatuko du bere burua, eta alderantziz. H.B.D.B.

Eskolioa

Maitasuna (13. Prop. E. kol. arab.) kanpoko kausa baten ideiak lagun duen Poztasuna baita, eta Gorrotoa, kanpoko kausa baten ideiak ere lagun daraman Tristura, Poztasun edo Tristura hauek, Maitasun edo Gorroto modukoak izanen dira, beraz.

Baina, Maitasuna eta Gorrotoa kanpoko objektuei dagozkienez, Afektu horiek beste izenez adieraziko ditugu: hala nola, barneko kausa baten ideiak lagun daraman Poztasuna Loria deituko dugu, eta horren kontrako Tristura Ahalkea; hau da, Poztasuna edo Tristura sortzen da, gizakiak goretsia edo gaitzetsia dela uste duenean.

Bestela erranik, barneko kausa baten ideiak lagun daraman Poztasuna Norberarekiko kontentua deituko dut, eta horren kontrako Tristura Damua.

Bestalde (2. Zat., 17. Prop. Korol. arab.) gerta baitaiteke norbaitek besteak hunkitzen omen dituen Poztasuna irudipen hutsa izatea, eta (25. Prop. arab.) norbera saiatzen baita Poztasunez hunkitzen duela irudikatzen duen guztia bere buruaz irudikatzen, erraz gerta daiteke bere buruaz loriatzen dena harro izatea, eta bere burua denei maitagarri zaiela uste duelarik, denei gogaikarri izatea.